HAUTESKUNDETIK HAUTESKUNDERA. ETA ZERGATIK EZ DEN EZER ALDATZEN.
Sozialdemokraziaren Etorkizuna
HAUTESKUNDETIK HAUTESKUNDERA. ETA ZERGATIK EZ DEN EZER ALDATZEN.
1. Behin eta berriz, itxaropentsu joaten dira Europako herritarrak hautetsontzietara, “beretarrek“ egoera hobetuko dutelakoan. Behin eta berriz, dozenaka aldiz azken hamarkadetan, itxaropen horiek zapuztu egiten dira, eta Europan inoiz ez da ezer aldatzen korporazio handien interesetatik at.
2. Inoiz ez da ezer aldatzen, ezkerreko, eskuineko edo zentroko aukera teorikoen arteko alde errealak – Sobietar Batasuna erori zenetik – ñabardura hutsak baino ez direlako. Grafiko baten bidez irudika dezakegu. Grafiko horretan, pixkanaka, indar guztiak elite korporatiboak ezarritako oinarri ideologikoen mende jarri direla ikus dezakegu: atlantismoa, neoliberalismoa, postmofeminismoa, ekologismo korporatiboa, antikulturalismo globalista. Horrela, bereizteko tartea gero eta estuagoa bihurtu da.
3. Jakina, kontua ez da “denak berdinak izatea“. Hauteskunde-dinamikak eskatzen du aukera politikoen artean eztabaida politikoa eta mediatikoa bizirik mantentzeko adina desberdintasun egotea. Desberdintasun horiek sinbolikoak edo garrantzitsuak izan daitezke, betiere korporazio handientzat funtsezko gaiak ez badira. Horrela, adibidez, talde politikoen arteko kultura- edo lurralde-eztabaidak eremu jakin batzuetan bizirik mantentzen direla ikusten dugu. Hori argi dago Espainiaren kasuan, non aukera batzuen eta besteen arteko ganorazko eztabaida ia bakarra bihurtu den lurralde-eztabaida. Eztabaida hori garrantzitsua da hainbat herritarrentzat, baina ez dirudi mehatxagarria denik elite korporatiboentzat.
4. Bitartean, korporazio handiek, komunikabideen, hezkuntza-sistemaren eta alderdi politikoen bitartez, gure herrialdeen bilakaera sozioekonomikoa, demografikoa, kulturala eta morala kontrolatzen jarraitzen dute. Lurralde edo herrialderen batean koordenatuak gehiegi mugitzen badira norabide batean, ez dago arazorik. “Txandaketa” sistemaren arabera, beste alderdi politiko bat iritsiko da berehala boterera aurrekoaren “gehiegikeriak” zuzentzeko eta epe ertainean korporazio handientzat esanguratsua den ezer aldatzen ez dela bermatzeko.
5. Behin eta berriz esaten dugun bezala, azken 30 urteetan Europako testuinguru politikoa hori izateak ez du esan nahi etorkizuneko testuingurua ere beretsua izango denik derrigor, batez ere, BRICS Plusen eta herrialde gainerakorren eskutik une zehatz honetan gertatzen ari den errotiko aldaketa geopolitikoa kontuan hartzen badugu. Orain arte ezinezkoa izan dena bideragarria egin daiteke etorkizun hurbilean. Baina zalantzazkoa da dinamika politikoan jada errotuta dauden indar politikoak gai ote diren egungo baldintzetatik garaiz askatzeko eta testuinguru berrira egokitzeko. Errealitatean egiaztatuko dugu.
EKAI Center-en testu hau SOZIALDEMOKRAZIAREN ETORKIZUNA izeneko egitasmoaren barne kokatzen da. Eskerrik asko zure arretagatik. Jarraitu gurekin.
PDF:
1 view
85
17
1 year ago 00:03:55 1
HAUTESKUNDETIK HAUTESKUNDERA. ETA ZERGATIK EZ DEN EZER ALDATZEN.